XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) amodio batez, orain arte, musika hura itsaso zabalera isuria izan zen unera arte ikusi ez zuen amodio batez.

Berdin gertatuko baitzitzaion geroago neba gaztearekin, haren heriotzaren bitartez ohartu baitzen haren betierekotasunaz.

Haren inguruan lo zegoen jendea, musikan bildua baina esnatzeke haatik, lasai.

Denik eta gau lasaiena ikusi berri zelakoan zegoen neskatoa, Indiar Ozeanoan ez zelakoan beste inoiz horrelako gaurik izango.

Gau hartantxe uste du ikusi zuela, orobat, neba gaztea zubiraino emakume batekin heltzen.

Karelean jarriak zituen nebak ukondoak, emakumeak besarkatu egin zuen eta musu eman zioten elkarri.

Neskatoa ezkutatu egin zen hobeto ikustearren.

Ezagutu egin zuen emakumea.

Ez ziren bata bestearengandik aldentzen.

Emakume ezkondua zen.

Bikote hila zen.

Senarra ez zirudien deusez konturatzen zenik.

Bidaia hartako azken egunetan kamarotean ematen zuten egun osoa neba gazteak eta emakume hark, gauez baino ez ziren irteten.

Egun haietan bazirudien, nolabait ere, neba gazteak amari eta arrebari begiratzen zienean ez zituela ezagutzen.

Idor, isil eta jeloskor bilakatua zen ama.

Neskatoak, berriz, negar egiten zuen.

Zoriontsu sentitzen zen, hala uste zuen, eta beldur zen orobat beranduago neba gazteari gertatuko zitzaionaz.

Bertan utziko zituela pentsatu zuen, emakume harekin alde egingo zuela, baina ez, Frantziara iristean berriro elkartu zitzaien.

Ez daki ondo handik zenbat denborara, neskato zuria abiatu zenetik zenbat denborara bete zuen gizon hark aitaren agindua, noiz ezkondu zen familiek hamar urte lehenagotik aukeratutako neska gaztearekin, urrez, diamantez, jadez apaindurik hura ere.